Elkano eta trauma koloniala: euskal Errenazimentuaren bikoiztasun politikoaz Elkano inperialista den ala ez, azken aldiko elkarrizketa fetitxista da. Bibliako shibboleth-aren antzera, Elkanoren alde egiten baduzu inperialista eta españolista zara eta kontra egiten baduzu euskal tradizio ezkertiar anti-inperialistaren zertifikatuari eusten diozu. Baina eztabaida hauek hutsalak dira, izan ere euskal Errenazimentuaren historiatik kanpo egiten baitira, testuinguru orokor historiko bat definitu eta ulertu gabe eta, gainera, testuak berak irakurri gabe: oraindik ere ez dakigu badagoen euskal Errenazimentu bat eta, baldin badago, zer esan nahi duen, edo “Errenazimentu” eta “Humanismo” deitu behar diogun. Orain artean euskal historiografiak segi baino ez dio egin Europa zentralean (Frantzia, Ingalaterra, Alemania) sortu den historiografia errenazentistari, haiek sortutako norma Euskal Herrian zuzenean inposatuz eta beti ere emaitza bera ekoiztuz: bai, badaude euskal Errenazimentu baten zantzuak, baina bere hartan ez dugu Errenazimenturik. Emaitza honek gauza bakarra esan nahi du: Europa erdiko (gehi Italia) Errenazimentua ez dela gertatzen Euskal Herrian, guri ez dagokigun molde erteuropar bat indarrez inposatzen diogulako. Historiografia erteuropar honek, gainera, inperio hispaniko edo gaztelauaren lekune zentrala beti saihesten du, 1492an hasten den konkista inperialista bigarren mailara bultzatuz, errepublika italiarretatik Herbehereetara kapitalak egiten duen lekualdatze eta mutazioa lehenetsiz. Giovanni Arrighik berak bere XX. mende luzean dio Gaztela zela Veneziarren eta Florentziarren Indiak, hala Ameriketako konkista osoa afera barne-europar bihurtuz (2010). Elkanori buruz hitz egiten hasi aurretik, inperialismo gaztelau, hispaniko edo habsburgotarrarekiko (hiru hitzak elkar-trukagarri bezala erabiliko ditugu hemen) euskaldunek izan duten kokatzea ulertu behar dugu lehenik. Neure Babel aurretik-en baietz diot baina bertako elite eta jauntxoek gorte gaztelauaren (frantsesaren) eta bertako herri subalternoaren aurka beren estrategia politiko propioa bilakarazten dutelako (2020: 133-146), batez ere Nafarroako erresumaren armaz hartzea eta gero (1512). Eta beraz, euskal Errenazimentua ez da inperialista edo anti-inperialista, baizik eta inguruko inperioen kontsolidazioarekiko bertako elite klaseek hartzen duten joera eta estrategia lokalagoa, zeina, beharren arabera, inperialista edo anti-inperialista izan daitekeen, klase subalternoen aldeko edo aurkako. Zentzu horretan, euskal klase subalternoek inguruko inperioekiko zuten erlazioa, gehienetan, eliteek tartekotutako edo mediatutakoa zen. Beraz, euskal Errenazimentua bere bikoiztasun estrategiko inperialistak definitzen du.[1] Bikoiztasun horren testuinguruan bakarrik ulertu daitezke Esteban Garibai, Katalina Erauso Lope de Agirre edo Tomas de Zumarraga bezalako pertsonaia konplexuak, hala nola euskal eliteek tartekotutako “sorginen” aurkako jardun inkisitorialak. Beraz, testuinguru honetan, eta goian azaldutako hipotesi orokorrarekin, orain bai, heldu diezaiokegu Elkanoren eztabaidari. Hasieratik esango dut, fetitxistak, batez ere ezkertiarrak, lasai geratu daitezen: bai, Elkano inperialista zen.[2] Baina, testuinguru historikoa eta testuak zehatz irakurtzen baditugu, beste bigarren Elkano bat irakur edo deszifratu daiteke, lehenengoaren kontrakarrean, euskal eliteek berek izan duten joera estrategiko bikoitzaren irudi, baina era berean, elite horiek inoiz eragingo ez duten inperialismo gaztelauaren kritikaren bozeramaile traumatiko eta subalterno bezala. Beraz, Elkano, bere jatorrizko subalternitatea dela medio, inperialismo gaztelauaren lehen kritikoa ere badugu, Bartolomé de las Casasena baino errotikakoagoa. Baina Elkano kritikoa da, baina ez kristautasunaren, humanismoaren edo arrazionaltasunaren izenean indigenen eta esklabuen eskubideak aldarrikatuko dituelako, baizik eta Joseph Conraden eta bere Heart of Darknesseko Kurtzen antzerago, inperialismoaren gogorkeria berak sufritu eta gero, uko egingo diolako, bakearen balio absolutua aldarrikatuz, itxuraz ikutu oso morotarra eta utopikoa (Tomas Moro) duen testu batean, baina azkenean trauma kolonialak eragindako fantasia baino ez dela errebelatzen duen testu aurrekari gabean. Eta hain zuzen, kritika hau estrategikoa eta traumatikoa zelako, Elkanok, aukera izan zuenean espedizio berri baten buru izateko, Garcia Jofre de Loaisa kidearekin, berriro jo zuen itxasora, Ozeano Barera, koroa gaztelauaren izenean, saio horretan hil zelarik 1525an, “itsasoaren ilunaren bihotz” conradiarrean. Horrelako aldarrikapenek zentzurik ez dutela neu banaiz ere lehena onartzen, balio pedagogiko bat badutenez, derradan erarik soil eta zuzenean: Elkano da inperialismo europar errenazentistaren lehen kritikoa historian. Errenazimentu humanista, kolonialismoa eta nekropolitika Hemendik gutxira argitaratzea espero dudan liburu batean (Apokalipsirantz: geroaren historia politiko bat), postulatzen dut Errenazimentu europarra Ameriken kolonizazioarekin hasten dela eta beraz modernitatearen muinean gogorkeriazko kolonialismoa dugula, edo termino teknikoagotan, “nekropolitika koloniala” dugula (Mbembe 2019). Nekropolitika koloniala subjektu indigena eta esklabua esplotatu eta hiltzeko jardun politiko-ekonomikoa da, zeinak helburu bezala duen subjektu kolonialari bere gizatasuna ukatzea eta, ukatze horren ondorioz, kapitalismoaren metaketa primitiboa sortzea —emakume europarren domestikazioarekin batera—. Hala, nekropolitika kolonialak “humanismoaren” ideologia hedatzen du, aldi berean subjektu kolonialak “humano”ez direla aldarrikatuz. Hipotesi hau Michel Foucaultek (1976) eta Giorgio Agambenek (1998) bilakatu dutenaren aurka doa, berentzat modernitateak inauguratzen duena biopolitika baita: Estatuak bere hiritarrak edo subjektuak iraunarazteko baliatzen dituen kontrol teknika berriak. Alegia, Estatuak, bere boterea hedatzeko, hiritarren bizitza bera kontrolatzea bihurtzen du bere zeregin nagusi. Erdi Aroan kontrakoa zen nagusi, Estatuak bere boterea edonor hil ahal izateko eskubidean oinarritzen baitzuen. Beraz Errenazimentuko humanismo eta arrazionaltasunaren muinean —modernitatearen jatorrian— neuk, nekropolitika koloniala datzala proposatzen dut.[3] Beraz Elkanoren testua eta bizitza, modernitate kolonial nekropolitiko baten testuinguru errenazentistan kokatzetik abiatuko naiz, Euskal Herriko eliteek erantzun estrategiko “kontraesankorrak” kolonialismo honi ematen dizkietela gehituz, zeinek klase subalternoen erantzunak ere tartekotuko dituzten. Noblezia titulurik ez zuen Elkano merkatariak bazuen barku baten jabetza, baina Magallaesen espedizioan ez zuen kargu nagusirik izan; are zuen bakarra kendu zion Magallaesek liskartia zelako. Honen heriotzaren ondoren hautatu ziren hurrengo kapitainek kargua utzi zuten arte, Elkanok marinel bezala lan egin zuen. Horregatik, kapitain izendatu eta ondoren bakarrik hartu zuen Elkanok barku-liburua idazteko ardura eta, lurreratzean, barku-liburuan oinarrituriko bidaiaren kronika. Zoritxarrez bi dokumentuak galdu dira. Elkanoren idazkiak eta testigantza kontutan hartu zuten bi dokumentu iritsi zaizkigu, Maximiliano Transilvanoren kronika (1523) eta 30 urte beranduago Fernando González de Oviedok idatzitakoa, zeina hildakoan (1557) amaitu gabe utzi zuen eta XIX. mendera arte argitaratu ez zen (Historia general y natural de las Indias). Biak dira antzerakoak. Antonio Pigafettak, Magallaesen idazkari eta mundu-bira Elkanorekin batera osotu zuen veneziarrak, idatzi zuen hirugarren kronika bat, The Relazione del primo viaggio intorno al mondo, zeina euskuizkribu bezala irakurri zen Europa zabalean eta, geroago, 1550-1559an argitaratu zen liburu bezala. Azken kronika ezaguna Pietro Martire d'Anghierarena da (Pedro Martir Anglería), zeinak bere Décadas liburu seriean —1523ko bostgarren liburuan hain zuzen— eman zuen bere bertsioa historialari bezala. Kronika eta historia guzti hauetatik garrantzitsuena Elkanoren kasua erabakitzeko Transilvanorena da. Izan ere, eta Ekai Txapartegik dioen bezala (2020a), Enrique Santamariaren hipotesi bati jarraikiz, bi zati oso desberdin detekta daitezke kronika transilvanoarrean. Lehenak, ofizialistagoa, Magallaesen barku-liburuari jarraikiz idatzia dela dirudi eta bigarrenak, askozaz heterodoxoagoa, Elkanoren idatzietatik eratorrita dirudi. Bigarren parte honetatik abiatuta Txapartegik Elkano humanista, bakezale eta errenazentista bat irakurtzen du, orduan Europan humanismoak besarkatu zituen balioe utopikoei atxekitzen zaiona. Txapartegik hala zerrendatzen ditu Elkanoren balio humanistak:
Errenazimenduaren balioztatze baikor bat eginez gero —hots, modernitatearen, humanismoaren, arrazionalismoaren eta bakearen aldekoa— orduan Txapartegiren irakurketa da egokiena eta egundainoko historiografiak gehien onartuko duena. Baina Errenazimentuaren eta modernitatearen balioztatze ezkor bat eginez gero —azkenean proiektu nekropolitiko eta kolonial bat dela azpimarratuz— Elkanoren testuak beste irakurketa desberdin bat eskatzen du, datuetan eta erreferentzietan bat banator ere Txapartegirekin eta, are, bere azalpen zehatzagoa informazio iturri nagusi bezala erabiltzen dudalarik. Alegia, hemen bigarren irakurketa posible bat baino ez dut proposatzen, abiapuntu historiografiko desberdin bat hartuz. Biak dira beraz zilegi. Transilvanoren kronikaren bigarren partean, Borneora iritsitakoan, Elkanok hango gizartearen ikuspegi utopiko bakezale bat ematen du, hain zuzen urte gutxi lehenago Tomas Morok idatzi zuen Utopiaren (1516) oihartzunak dituena.[4] Txapartegik humanismo europarraren balioekin erkatzen du goiko utopia erdi-morotarra eta, beraz, Elkano ere humanista eta bakezalea zela argudiatzen du:
Alabaina, bada beste erkaketa posible bat, zeinak Elkano conradiar bat ematen digun eta euskal Errenazimentu estrategiko eta bikoitzaren ideia indartzen duen. Elkanoren utopia Mororenarekin edo beste humanistenekin erkatu beharrean, testuko beste pasarte ez-utopikoekin alderatu daiteke, Elkanoren eta eskifaiaren alegoria bezala eta, orokorkiago, espedizioaren eta jardun inperialista europarraren alegoria bezala —bertatik Conraden Heart of Darknessekiko erreferentzia—. Irakurketa conradiar honetan, jardun inperialista nekropolitikoaren izate konplexua aztertu behar dugu, Elkanorenean ere gertatzen dela baieztatuz. Edozein kronika inperialistan bi alde kontrajarri ditugu: Beste koloniala konkistatzeko desira eta Beste horrekiko beldurra. Lehen partean, Magallaesen barku-liburuan oinarritutakoan, inperialismoaren bi alde kontrajarri horiek batera doaz konkista inperialaren izenean, baina bigarren partean, Elkanoren barku liburuan eta kronikan oinarritzen denean, bi alderdiok kontrajarri egiten dira, eta kontrajartze honek esplikatzen du goiko Elkanoren utopia borneotarra. Elkanorena ez da utopia humanista eta errenazentista, baizik eta konkista inperialistaren kronika traumatikoa, zeinaren fantasia “bake unibertsalezko lurraldea” bihurtzen den, hots, konkista inperialista-kolonialik ez dagoen fantasiazko lurralde postraumatikoa.[5] Lehen parteko desira/beldur koloniala: Magallaesen barku-liburua Lehen partean gerra- eta konkista-desira diren buruak edo liderrak ditugu, kolonialismo gaztelaua Ozeano Atlantiko eta Barean gogorkeriaz inposatzeko prest daudenak: Magallaes eta, bera hil ondoan, Juan Serrano. “Beste” edo ezezagun kolonialarekiko beldurra ere badago hasieratik, baina desira inperialistari makurturik. Adibidez, kanibalak aipatzen dira kronikaren lehen zatian, ez hauen aurka gerra egiteko, baizik eta, beldurra izatera ailegatzen ez den prudentziaren izenean, saihestu eta hegorago jotzeko:
Bigarren pasarte batean ere, beldurrari gainezarriz, izpiritu kolonialista nagusitzen da. Magallaesek Argentina hegoaldeko San Julián golkoan egiten duen egonaldi luzean, bertako indigenak behitzea du helburu, espedizioan laguntza bezala erabiltzeko, “gigante” direla gehitzen badu ere. Azkenean, hiru indigena bakarrik atxilotzen dituzte; bik eskapo egiten die eta hirugarrena hil egiten da ontzian (257-60). Halere, beldurrak segitzen du. Urak jota itsasontzi edo nao bat galdu eta gero, hotzak asaldatzen ditu Antartikatik gertu. Hala, Ozeano Barerako igarobidearen bila esplorazioan ateratzen diren hiru itsasontzietatik batean eskifaia matxinatu egiten da: kapitain bezala doan Magallaesen iloba atxilotzen dute eta, ontziaren kontrola bereganatuz, buelta egiten dute Espainiara:
Esan bezala, lehen partean, Beste kolonialarekiko beldurra eta Beste hori konkistatzeko desira, batera doaz, inperialismo-kolonialismo nekropolitiko ororen ahurra eta ifrentzua bezala. Beranduago, Ozeano Barerako pasartea aurkitu eta lehen uharteetara iritsitakoan, geraldi bat egiten dute gaur egun Filipinetako Zebu uhartea denean, testuan “Subuth” bezala aipatzen dena. Magallaesen erretorikak konkistakoa izaten segitzen du, Hernán Cortes bera aipatuz inspirazio iturri bezala. Zebuko erregearen morrontza lortzen du Magallaesek haren iloba bat “mirakuloski” sendatzean. Alabaina, konkistako izpirituak bultzatuta, inguruko erreinuak ere menderatu nahi ditu Magallaesek. Ondoko Mauthan erreinuko erregeak koroa espainiarraren menpekotasun edo morroitza onartzeari uko egiten dioenean, haren aurka jotzen du Magallaesek, Zebuko erregearen laguntza harrotasunez errefusatuz. Hernán Cortés bera gida edo eredu bezala aipatuz, 40 espainiarrekin jotzen du Mauthaneko 3000 laguneko ejerzituaren aurka. Hala hitz egiten die bere tropa murritzeko soldatuei konkistazko desira ezin harroagoz:
Harrokeria koloniala Magallaesek heriotzarekin ordaintzen du. Baina hau da lehen aldia, era berean, troparen beldurra, desira konkistatzailetik dibortziatzen dena, eta hari kontrajartzen eta gainezartzen zaiona. Are, ikusiko dugun bezala, hemendik aurrera konkista desira desagertuz joango da eta Beste kolonialarekiko beldurra haziko hurrenez-hurren. Tropa espainiarrek ihes egingo dute panikoak jota: “E finalmente , andando ansi trabada la batalla, fue muerto en ella el capitán Magallaes y siete españoles, lo cual visto por los otros, y que era imposible vencer á tanta multitud de indios tan belicosos y tan bien armados, se comenzaron á retraer, juntándose todos y poniéndose en ordenanza” (271). Magallaes hil ondoren, kapitain ordeko bat aukeratuko du eskifaiak, Juan Serrano, zeinari buruz Transilvanok ez duen informazio gehiago ematen. Serranok ere, Magallaesek bezala, Mauthango erregearen kontrako gerra egitea erabakitzen du, oraingoan Zebuko erregearen laguntzarekin. Alabaina, Serranoren desira koloniala eta harrokeria konkistatzailea, oraingoan esklabu baten tratamenduan azalduko da. Magallaesek itzultzaile bezala esklabu bat ekarri zuen espedizioan, zeinak Malakakoa izanik jatorriz, bertako hizkuntza hitz egiten zuen. Zebuko erregeak ere “indio” bat zuen Malakako hizkuntza hitz egiten zuena eta, beraz, bi itzultzaileren bidez, Malakako hizkuntza erdibide bezala erabiliz, elkar ulertzea lortu zuten. Serranoren esklabu itzultzailea Magallaesek egindako erasoan zauriturik suertatu zenez, ez zen gauza itzultzeko, baina halere Serranok bortxatu egin zuen ohetik atera eta itzulpen lanak egitera. Hala, esklabuak, mendeku bezala, Serrano saldu zion Zebuko erregeari, hain zuzen konkista hispaniarraren egia azkena azalduz. Merezi du pasartea aipatzeak, koroa gaztelauaren menpekotasuna onartu duen erregearen eta esklabu itzultzailearen artean komunikazioak ez baitu arazorik, egia koloniala desestaltzen baitute:
Eta Zebuko erregeak bere soldatuak espainiarren aurka altxatzen dituenean, konkistazko desira koloniala erabat desagertzen da kronikatik eta hemendik aurrera beldurrak definituko du Elkanoren bidaia, beldur horrek trauma eraginez, hots, gaur egun PTS edo Trauma Osteko Estresa bezala ezagutzen duguna. Azpimarratzekoa da beldurraren adierazgarririk garrantzitsuenetako bat: marinel-soldadu kideak, eta kasu honetan kapitaina bera, ugartean abandonatzeko barkuko eskifaiak dudarik gabe egindako hautua. Serranok erreskata dezaten erregutzen die itsasertzetik, baina ontziratutako eskifaiak bertan abandonatzen du:
Eraso kolonial hauek eragindako beldur traumatikoa gainera erruduntasun konplexu eta paranoia ere bihurtzen da espedizioko kideentzat. Izan ere Zebuko soldatuek Serrano hondartzan erakustea eskifaia harrapatzeko tranpa edo jukutria izan daitekeela ere pentsatzera ailegatzen baitira. Horrek beren ihesaren izaera traumatikoa handitu egiten du, tristezia, erruduntasuna, paranoia eraginez. Ondorioz, ordura artean Bestearen konkista desira zena, eragiten dituen gertakari traumatikoen bidez, trauma bilakatzen da, baina jada ez bakarrik gertatu denarekiko trauma, baizik eta esplorazio misio osoarekiko trauma, hots, geroarekikoa, hala, depresio orokor bilakatuz:
Geratzen den eskifaia anitz urritu izateak ere beldurra eragiten die, geroak oraindik murrizketa gehiago (heriotza gehiago) ekarriko diela adierazten baitu. Bigarren parteko desira/beldur koloniala: Elkanoren barku-liburua eta kronika Serrano abandonatu ondoko erabaki guztiak kapitain berriak, Elkanok, eskifaiarekin kontsultan, hartuko ditu, beldur kolonialaren arabera; ez dago desira kolonialik hemendik aurrera. Esanguratsua da, era berean, Elkano kapitain hautatzearen ekintza ez dela kronikan aipatzen, Elkanok duen posizio berria dela medio: ez da nobleziaren seme, ez da lehen edo bigarren aukera izan kapitain kargurako, eta bere erabakiak, aurrekoenak ez bezala, ez ditu konkista desirak gobernatuta hartuko, baizik eta aitzitik, konkistaren desira saihetsiz edo errefusatuz. Elkano hau ez da konkista kolonialaren subjektu eta buru (kapitain), baizik eta merkataritzarena, berak lehendik ezagutzen zuen jardun batera, merkataritzara, espedizio osoa murriztuz. Hau da Elkanoren trauma kolonialaren biraren lehen adierazgarria: merkataritzarako itzulera; Elkanok dagoeneko proiektu inperialista-koloniala irauli du, baina ez ideal humanista batzuen izenean, baizik eta trauma kolonialaren ondorioz. Txapartegik gainera alderdi oso historiko bat eransten dio trauma kolonial honi. Izan ere trauma honek eragindako erabakien ondorio da Elkanoren mundu-bira, izan ere, Carlos V.ak emandako ordenek etorritako bidetik itzultzea agintzen baitzion, munduari birarik eman gabe:
Adibidez, Elkano kapitain ezarri eta gero lurreratzen diren lehen ugartean, egungo Quipit filipinarrean, “indioak adiskidetu ezinak” beldurra sortarazten die eta beraz, aurrera jotzen dute hurrengo ugartera, “indio adiskidegabetuengandik ihesi”:
Hemen itzultzen gara hasieran aipatu dugun utopia elkanotarrera, zeina Quipit utzi eta hurrengo ugartean aurkitzen duen kapitain berriak: Borneo. Baina hain zuzen, utopia hori goian azaldu dugun trauma kolonialaren testuinguruan ulertu behar da, trauma horri ematen zaion erantzun fantastiko bezala, eta hain zuzen merkataritzarako jira elkanotarrak ahalbidetzen duen fantasia bezala, Bestea ez baita jada subjektu kolonial eta konkistazko bezala ikustatzen. Elkanoren fantasiak luzaz aipatzea merezi du, gure gogoetaren erdigune baita:
Utopia honetan hiru elementu garrantzitsu deskribatzen dira, politikatik ekonomiara eta antropologiara hedatzen direnak:
“Utopia” hau, Mororena ez bezala, ez da alegoria inperial bat: izan ere Mororen Utopia ugarteak bere inguruko tribu eta nazioen gainean hegemonia osoa du eta “jabetza pribaturik ez badago ere” naziorik aberatsena da, gerrarako ere soldatuak kontratatu baititzake. Elkanoren “utopia” borneotarra pobrea da eta bere inperialismo ezak markatzen du, ez bakarrik politikan baizik eta baita ere eguneroko bizilagunen jardunean (adiskidetzearen garrantzia) eta inguruko herriekiko merkataritzan. Beraz, utopia ez den fantasia hau lehen-lehenik Elkanoren eta bere eskifaiaren alegoria bat da: Magallaes eta Serrano “errege gerra-gosetiak” gerran hiltzea lortu dute eta, ondorioz, bakea eskuratu dute Elkano “errege baketsu eta merkatariaren” agintepean. Bigarren maila batean, Elkanorena konkista kolonialaren desiraren aurkako alegoria bat da, eta zentzu horretan, alegoria anti-inperialista-koloniala da, baliorik gorena nazioarteko eta nazio-barneko bakea duena. Beraz alegoria anti-inperialista-kolonial hau, trauma kolonialak eragiten duelako hain zuzen, jardun inperialista ororen kondena eta kritika bilakatzen da, ez arrazoiaren edo humanismoaren izenean diarduelako, ezta giza eskubide unibertsalak defendatzen dituelako, baizik eta jasandako trauma kolonialari erantzun fantastiko bat damaiolako. Bestela esanda, Elkanoren alegoria fantastiko eta ez-utopikoa postraumatikoa eta postkoloniala da. Hor dago Elkanoren kritikaren garrantzia eta berritasuna. Edward Saiden lanaz gero, eta batez ere bere Culture and Imperialismez gero (1993), Joseph Conraden Heart of Darkness (1899) irakurri da inperialismoaren lehen kritika postraumatiko bezala, inperioa barnetik kritikatzen duen eta era berean inperioa bera gainditu ezin dezakeen lehen idazki bezala. Alabaina, Elkanorena ere Heart of Darkness bat dugu, ez inperialismo britaniarrarena, baizik eta hispanikoarena. Eta beraz, genealogia traumatiko eta anti-inperialista horretan, Conraden aurretik Elkano jarri behar dugu. Bestela esanda, Elkano ez dago Mororen Utopia humanista baina inperialista eta nekropolitikotik gertu, baizik eta Conraden Heart of Darkness inperio barneko kritika anti-inperialista eta traumatikotik. Elkano Kurtz errealistago eta kronikazkoagoa dugu. Gauza bat gehitu behar da irakurketa honetan: Borneoko herriaren pobrezia, ez bakarrik ekonomikoa baizik eta erlijosoa ere dena. Hala, eta hau litzateke irakurketa errotikakoena baina era berean arriskutsuena, Elkanoren alegoria bere Euskal Herriaren fantasia bat ere izango litzateke, sasoiko Euskal Herria oraindik ere erabat kristaututa ez zegoen herri pobrea baitzen, eta Ahaide Handien Erdi Aroko gerra zibilen ondoan, bakezalea zen, gehienaz ere inguruko inperioen gerratan parte hartzen zuena, ez botere inperialista-kolonial bat inposatzeko, baizik eta proiektu inperialista horietatik merkataritza etekin handiena ateratzeko, ontzigintzatik espedizio inperialistetara. Hala Elkano Moluka ugarteetara ailegatzean, konkistazko bidaia koloniala tratu merkatari huts bihurtuko da eta, hemen ere, Elkanok bigarren fantasia post-traumatiko-kolonial bat azalduko du, pobreziaren eta bakearen nahasketa fantastiko bera itxuratuz. Are, eta hemen bigarren fantasia honen garrantzia, Mendebaldeko inperialismoaren kritika zuzena egiten du, ironikoki, Magallaesen esklabuak Zebuko erregeari kontatu zionaren bigarren bertsio bat irudikatuz. Hala Elkano Magallaesen esklabuarekin lerratzen da inperialismo europarraren egia desestaltzeko, zeina “grandisima maldad, grandisima avaricia, insaciable gula” den:
Moluka ugarteetan merkataritzari ekingo diote Elkanoren ontzikoek, traumak eragindako beldurrak jada ez baitu konkistarako lekurik ematen. Merkataritza gaia (espezieak) nola lortu zuten ez dago argi “ciertos dones” orokorregiak ez baitu trukea esplikatzen. Hala, truke hori zilegitzeko (agian lapurketa ere izan zena), Elkanok “kolonialismo magikora” joko du, bertako ugarte emankorreneko erregeak jada beren etorrera amestu duela gehituz eta beraz “Rey de las Españasen” menpeko izateko prest dagoela argudiatuz. Kolonialismo magiko honek ez du funtzio inperialista-koloniala, baizik eta merkataritzazkoa: iltze espeziaren erosketa ez oso garbia zilegitzea.
Iltze espeziea eskuraturik, berriro ere beldur inperialak markatzen du Elkanoren itzulera Europara, oraingoan beldurra Portugalekikoa bada ere. Are, Portugalek kontrolatzen dituen lurralde eta kostaldeetan sartzeko beldurrak, urrutiratu egiten ditu bertatik, jakia eta ura eskuratzeko aukerak gutxituz eta beraz eskifaiaren gehiengoa heriotzaraino ahulduko duen egoera traumatikora berriz ere bultzatuz. Gainera, itsasoan luze nabigatu ondoan, ontziak ura hartzen hasten dira barrenean eta beraz egoera egiazki traumatikoa bihurtzen da. Azkenean Cabo Verde kolonia portugaldarrean lurreratzen dira. Esklabuak ala jakiak nahi dituzten argi ez badago ere, hemen ere bidaiak beste jira traumatiko bat hartzen du eta, beldur hutsez, beste hamahiru marinel abandonatzen dituzte bertan, hemezortzi bakarrik ontzira itzuliz:
Ekai Txapartegik argi azaldu duen bezala, zaldun ez zen Elkano plebeioa ia historia eta kronika gaztelau guztietatik desagertu zen; are, bere kronika, bere idatzi nagusia, ere desagertu zen. XIX. mendean bakarrik berreskuratu zuten Elkano historialari espaniarrek, ez bakarrik karlista liskarti eta gudazaleen aurka umiltasun inperialaren gorpuzte zen marinel gipuzkoarra hobesteko, baizik eta galera kolonialak definitzen zuen mende horretan, historia espainiarrak, konpentsazioz zituen sinbolo inperial guztiak mobilizatu zituelako, desagertzear zen inperio materiala sinbolo fantasmatikoz betetzeko. Elkano, inperialismo gaztelau-hispanikoaren porrotaren gorpuzte eta subjektu Gure irakurketaren arabera, Elkanoren desagerpenak badu beste arrazoi bat: XIX. mendean burutuko zen galera kolonialaren igerle profetiko ere bazen. Berak gorpuzten zuen, beste ezein “subjektu inperial hispanikok” baino hobeto, proiektu inperial-kolonial hispanikoaren zentzugabetasuna eta porrota. Hots, Elkano bera zen inperialismo gaztelau-hispanikoaren porrotaren mezua eta kritika gorpuzten zuen subjektua. Elkanok gorpuzten du, beste edonork baino hobeto, inperialismo gaztelauaren trauma koloniala. Eta horrek, beste ezerk baino hobeto definitzen du euskal Errenazimentu baten historia pentsatzen hasteko abiapuntua. Elkanok inperialismo hispanikoaren barnean kokatzen du bere burua eta, ondorioz, bere kritika ez da humanista edo arrazionala. Alabaina, Elkanorena inperialismo horren kritika lehen eta gogorrena bihurtzen da, traumatikoa delako eta proiektu inperialista-kolonial barrutik sortzen delako. Hala, Elkanok berriro ere itsasoratuko da bigarren espedizio batean koroaren faborea lortuta, baina bertan hilko da. Hala, inperialismo gaztelauaren barnetik oraindik ere posizio bikoitz bati, posizio euskaldun bati, eutsiko dio. Txapartegik ondo azaltzen du hasieratik zein bikoitza zen Elkano:
Joxe Azurmendik (2020: 125-27) azaldu duen bezala, euskal Errenazimentua Ameriketan (Zumarraga…) ez dago ondo ikertuta. Baina Elkano, Lope de Aguirre edo Erauso bezalako subjektu traumatiko inperialista-kolonial euskaldunek, beren bikoiztasun posizionalean, definitzen dutela argudiatzeak baluke zentzurik. Bibliografia
Oharrak [1] Edonork argudia dezake, edozein gutxiengok (juduak, romaniak…) beti izan dutela erlazio bikoitza inperioarekiko eta egia da. Alabaina, euskal bikoiztasunak oso itxura berezia eta zehatza du, beste gutxiengoengandik bereizten dituena, arazo arrazial-erlijioso gaztelaua (pureza de sangre) dela medio. Ikus nire Babel Aurretik (2020: 133-46). Blog hau idazterako momentuan ezin izan dut Elkanori buruzko Joseba Sarrionaindiaren eta Axier Lopezen liburua kontsultatu. [2] Hemen aipatu ere ez dugu egingo XIX. mendetik aurrera nazionalismo espainiarrak egingo duen saioa “El Cano” inperialismo gaztelauaren heroi zintzo eta esaneko bezala berreskuratzeko. Aurrerago aipatuko ditugu arrazoiak. [3] Proposamen honek nire kide ezkertiar arrazional eta humanista asko txundituko ditu, “anti-inperialismoaren” politikak era berean “anti-moderno” izan “behar” dela eskatzen duela proposatzen baitut. [4] Txapartegiri egindako elkarrizketa batean gai aipatzen du: “[Galdera]: Zein eragin izan zuen Elkanoren pentsamenduan Tomas Mororen ‘Utopia’-k (1516) eta Rotterdamgo Erasmoren ‘Eromenaren laudorioa’-k (1511)? [Erantzuna]: Ez dakigu. Europan oso hedatuta zeuden. Hiru urte iraungo zituen bidaia batean abiatzerako garaian, agian Elkanok berak ez, baina beste norbaitek eramango zituen liburu horiek, Magallanesek berak, adibidez. Ez litzateke harritzekoa izango” (2020). [5] Hipotesi honek oraindik esplikatu beharko luke trauma eta fantasia arteko erlazioa psikoanalitikoki.
0 Comments
Leave a Reply. |
Details
AuthorJoseba Gabilondo. Publications Archives
April 2023
|